Ingurune ia aldatugabeetan aritzeak, jarduera edo ekintza txikia izanda ere, apostu egin, kokatu eta konpromezua hartzea ezinbestekoa da. Suediako mendebaldeko kostatik hurbil, leku malkartsu, berde eta basatian, landaredia neurrigabe hazten den tokian, itxuraz edozein hiri-egitura edo ordenetik urrun dagoen inguru batean, Torsten Ottesjö arkitekto suediarraren Hus-1etxea aurkitzen da.
ezkongabeen etxea
Ezkongabeen etxea bezala ezaguna, Donostiako Groseko auzoan eraikita, Florencio Mocoroa arkitekto tolosarraren lana da. XX mendean zehar Groseko auzoa eragingo zuten hiri eragiketa desberdinei buruz hitz egiteko aitzaki aproposa da.
XIX mende amaieran, haziera demografikoaren ondorioz hiriaren hedatzerako lur berrien bila, Urumea ibaiaren eskuin ertzaren garapenaren beharra planteatzen hasten da. Ordurako ordea, hasiak ziren planeamendu orokorrik gabeko eraikuntza isolatuak agertzen, San Inazio eliza (1897) edo hondartzaren aurreko etxebizitza batzuk bezala. Egoera honek, planeamendu berri baten garapena zaildu zuen. 1894 urtean zabaltze berriaren arauak onartu eta sinatu ziren, ibaiaren bideratzearen baldintzapean. Irakurtzen jarraitu
high line park
High Line izeneko trenbidea, 1930ko hamarkadan garraio pisutsua kale mailatik gora aldentzeko eraiki zen New York-eko Manhattan auzoan. 1980 urtetik aurrera ordea, auzoak izandako eraldaketaren ondorioz azkeneko trenak bere ibilbidea bete zuenean, 2,5 kilometro inguruko azpiegitura hau jatorrizko erabilpena galdu eta aspaldiko jardueren oroigarri bihurtu zen.
Horrela izan da, “Friends of the High Line” elkarteak bultzatuta eta New York-eko udalak eraginda, etxe eta eraikinen artean 9 metro inguruko altueran doan pasabide hau, erabilpen publikorako parke bezala berreskuratu den arte. Horrela sortu zen, zabaldu zen egunetik bisitari eta bertakoentzat erakargarri berria bihurtu den High Line Park.
Jakintza alor anitzeko taldea osatuta, Diller Scofidio+Renfro arkitekto estudioa buru, bidearen jatorrizko izaerari eustea izan da helburu, baita baztertuta eta erabilerarik gabe egon den denboran garatutako onurak indartzea ere. Altzairuzko egitura zaharberrituz, eta izaera desberdineko guneak kateatuz, hiriaren gainetik zabaltzen den luzerako parke bat sortu da. Mantentze lan eskaseko garaien ondorioz trenbidea estali duen landaretza, espazio berriekin bateratzeko ahalegina ageria da, loredi, zuhaitz eta landare berrien gehitzearekin batera. Aurrefabrikatutako hormigoizko pieza estuen bitartez, zoladura berdeguneetan aldizka murgiltzen da, bien arteko mugak deseginez, bitartean trenaren errail zaharrak agertzen direlarik.
vista alegre dorrea
Moduren batean Zarautzeko “skyline”-a imajinatzerik balego, Vista Alegre dorrea zalantzarik gabe horren ardatzetariko bat izan beharko luke. 1958 urtean eraikitakoa, Luis Peña Ganchegui arkitekto oñatiarraren lehenengoetariko lana izan zen.
XX mendeko euskal arkitektorik garrantzitsuena izan zen Luis Peña Ganchegui. Bere lan zabala, Ganchegui web-gunean biltzen da, bertan, guztiongatik ezagunak diren lanez gain (Donostiako Trinitaten Enparantza, Ondarretako Tenis Pasealekua edo Gasteizeko Foruen Enparantza) beste obra eta proiektu asko aztertu daitezke (handik aterata dira hemen agertzen diren irudiak). Irakaskuntzan ere aritu zen, Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren sustatzaileetariko bat izanik.
1950ko hamarkadan, Encio Cortazar Zarautzeko udal arkitektoa izanik, Vista Alegre-ko lur saila herri-parke bihurtzeko egitasmoa burutu zuen. Plana, mugimendu modernoak, CIAM-en (Congreso Internacional de Arquitectura Moderna) bitartez sustatzen zituen ardatzetan oinarritzen zen. Horren arabera, etxebizitza partikula bakoitza, osotasun kolektibo baten parte moduan ulertzen da. Osotasun hori, familiabakarreko etxebizitzek eratutako lorategi hiria izan zitekeen edo ideiaren ertzean, elementuen bateratzean sortutako blokeak, Le Corbusier-en Unité d’Habitation modura.
housing in japan
Arkitektura domestikoa, bizi-lekuari dagokion arkitektura, eskala txikikoa, egunerokotasunean sentitu, nabaritu eta biziko ditugun espazioak baldintzatzen dituena da. Bizi-tokiaren ezaugarri formalak eta espazialak, bizi moduak baldintzatzen ditu. Agian kontrakoa izan zitekeen ere: bizitzeko erak, eguneroko jardueraren ohiturak, bizi-lekuaren baldintzak zehazten ditu. Imitazio eta errepikapenagatik ikasita ditugu hurbileko espazioan moldatzeko moduak eta horrela sentitzen gera eroso eta babestuak gureak eta ezagunak diren gune horietan.
Gureaz gain, bestelako bizimodu asko daude ordea, etxearen espazioa ulertzeko eta erabiltzeko beste era desberdin ugari. Haietatik hainbat irakurketa lortu ditzazkegu, gure erabilerak modu batean krisian jarri eta jarrera berriak planteatzeko.
mudanzas – the movie
Etxebizitzaren inguruan ikerketa lanak egiten dituen taldea da HABITAR. UPC-ko irakaslez osatuta (Xavier Monteys, Magda Mària, Pere Fuertes, Anna Puigjaner, Roger Sauquet, Carles Marcos y Eduard Callís eta Carlos Fdz. Rovira) 2008 urtetik aurrera beraien ibilbide pertsonalak, lan-talde honen inguruan elkartu zituzten, ordurarte etxebizitzaren gaiari buruz egindako hausnarketak bateratzeko.
Gizakiaren ingurune arkitektoniko hurbilena izanik, askotan ezezagunak dira erabiltzaileentzat ere etxe bakoitzaren gaitasun eta aukerak bizimodu aldakor eta berrietara moldatzeko. Zentzu honi heltzen dio talde honen azkeneko lanak.
Mudantza bat ildo bezala hartuta, laburmetrai bat ekoiztu dute. Etxe-aldatze prozesuan dagoen familia bat, traste guztiak pilatuta dituenean, altzariak lekuz kanpo eta ordurarte bere etxea zena kaxaz beteta dagoenean, betidanik ezagututako espazio horiek beste begirada batekin jabetzen dituzte eta orduan hasten dira zalantzak.
Erabilera errepikatu baten ondorioz gutxietsitako guneak, bat-batean zirraragarri azaltzen dira, etorkizuneko bizigune apropos bezala, bizileku berri baino ezezagun eta erro gabe baten aurrean.
Hausnarketa eta kontzeptu hauek azaltzeko oso bide aproposa aurkitu dute HABITAR-ekoek laburmetrai honekin.
arkitektoen krisia
Beste askotan egiten duen bezala, bineta honetan ere Forges haundiak maisuki, humorez eta zehaztasunez, krisiaren eraginez lanbide desberdinetan gertatzen diren egoerak isladatzea lortu du. Arkitektoen kasuan gainera, ez da soilik ekonomiaren atzerapenak sortarazitako krisia. Diru faltak agerian utzi du ere oparoaldian alderatuta izan den lanbide honen oinarrien krisia, gizartearen onespen eta begirunearen galera eta honen aurrerapenean izan beharko lukeen eraginaren murriztea.
Aberastasun eta ugaritasuneko urteetan, eraiki eta saldu besterik egin ez den garaietan, kritika, hausnarketa eta oinarrizko balioen hedapena alde batera utzita, eragileen eskaera burokratikoei irtenbidea ematera mugatu izan da arkitekto arrunten lana. Aldi berean, goi mailako arkitekto mediatikoek, ikuskizuneko arkitektura jorratuz, kontsumo azkarreko eta eduki eskaseko diseinuen bitartez publiko zabalaren berritasunerako irrikari erantzuna emateko gai izan dira bide batez. Gerora, hainbat esparruetatik txalotutako arkitektura mediatiko horrek izan duen kontrolik gabeko hedapen asegaitzak eragin dituen ondorioak ere ezagutu ditugu.
erabileraren aldarrikatzea
Herman Hertzberger, holandar arkitekto bat da. Aurten RIBA-ren (Royal Institute of British Architects) urrezko domina jaso du, 50 urteko jarduera emankorra sarituz. Ibilbide oparo hau ez da proiektu eta eraikinetan bakarrik oinarritzen, irakasle mirestua da Hertzberger, bere ezagupen eta pentsamenduek eragin handia dute bai arkitektura eta bai hirigintza arloetan.
Beste kontzeptu askoren artean, espazio bizigarriei buruz hitz egiten du Lessons for students in Architecture idatzietan. Bertatik aterata dago gune honen haserako orrirako aukeratutako argazkia. Bertan bi emakume, kafetegi baten terraza, autoak aparkatzen duten eremuraino zabaldu dute eta bertatik bietako batek kamerari begiratzen dio, bereganatu berri duen espazioaz harro.
solasean
Duela egun batzuk, lagunarteko elkarrizketa batetan:
– Aizue, ikusi al duzue etxe izugarri modernoak erakusten dituzten telebista programa hori? Ziur zuk ezagutzen duzula, arkitektoa izanik…
– …
– “Supercasas” uste dut deitzen dela,arkitekto batek, berak egindako etxeak erakusten ditu. Arkitektoa, Julian…
– Joaquín Torres
– Hori da, ezagutzen duzu ezta? Tipo xelebrea bera… Baina bere arkitektura… Hori bai dela arkitektura modernoa; espazio irekiak, materialen erabilera…
Bere berotasun eta zirraran deskribapenarekin jarraitzen zuen neurrian, beste lagun batzuk batzen joan zitzaizkion.
hastapenak
Gizakiak ingurua transformatzeko duen gaitasuna eta ardurarengatik bihurtzen dira ikasgai arkitektura eta hirigintza, transformazio horrek, beraz gaitasun horrek, bizitzeko moduak baldintzatzen dituelako.