Castro Urdiales-eko zabalkunde batean kokatuta, herria landartean hedatzen den gunean, acha zaballa arkitektura bulegoaren MoreHOUSE etxeak, inguruan dituen etxebizitzen aldean ezustea sortarazten du. Hasiera batean, konposizio gauzatze erres bat bezala azaltzen da. Berez, proiektuaren jatorrian dagoen ebazpen formal baten emaitza da, erakusten ez diren oinarri eta kontuetan finkatzen den prozesu eta erantzuna.
Konposizioa bi partetan eratuta dago, alde batetik betea (etxea) eta bestetik hutsa (hondeatutako lorategia). Materiaren zatia, antzeko neurriak dituzten hiru kubotan garatzen da, bata bestearen gainean. Horietariko lehena, erdi lurperatua, lorategiarekin kontaktuan dagoen sotoa da. Honen gainean, zabaltzen den tiradera bat bezala desplazatuta, eguneko gelak eta etxerako sarrera biltzen dituen behe oina. Azkeneko kuboan, lehenaren lerrokatzea berreskuratuz, logelak kokatzen dira.
Kubo zentralaren lerratzeak, hiru kuboek konpartitutako gunea eratzen du, bertan, erlazionatzen dituen eskailera garatzen delarik. Irristatze honek, kanpoaldean, etxe-erabileretara gehitzen diren terrazak eta atariak ere sortzen ditu.
Kontrako aldean, konposizioa orekatzeko, lursailean hutsa eratzen da. Etxearen atzekaldean kokatzen den lorategia, itxura naturaleko euste-hormen bitartez, sotoko sestra atzitu arte lurperatzen da. Era horretan, eguzkiarekiko orientazio egokia eta jabetza mugakideekiko pribatutasuna bermatzen dira.
Barnekaldean, eskailera eta gela hezeek osatzen duten muinaren inguruan garatzen da espazioa. Barruko akaberetako materialen neurrizko sortaren aukeratzea, kanpokaldean ere nabari da, material bakar batek estaltzen duelarik bolumen jokoari egokitzen zaion hutsuneen konposizioa. Hautatutako bide eta ildoari zintzo, baldintza konpositibo eta formaletan oinarritutako proiektatu eta lan egiteko moduak, jarraian datozen ebazpen xamur eta apal guztietan finkatzen da.
Este artículo en su versión en castellano fue publicado en TARTE el 14-02-2013