house t, gela zintzilikariak

Etxe arkitekturak aztertu eta azaltzearen alderik interesgarriena, soluzio arrunt ezagunetatik aldentzen diren emaitzekin topo egitea da. Gureganatutako erabilera konbentzionalak zalantzan jartzen dituzten espazio banaketa sistema bereziak, antolakuntza eskema ezberdinak, edo gelen arteko lotura eta hartu-eman ezezagunak planteatzen dituzten adibideak. Oraingoan, Hiroyuki Shinozaki Architects bulego japoniarrak Tokion eraiki duen etxebizitza honetan, pieza edo gela desberdinen arteko erlazio berezi bat proposatzen da, ardatz bertikalean garatzen dena.

 

Etxebizitza, gorputz kubiko batean bilduta dago. Barrualdean gertatzen denari erantzuten ez diotenaren antza ematen dute kanpotik antzeman daitezkeen hutsune eta  beteen kokapenek. Egileak berak azaltzen duen bezala, solairuak, kutxa horren barruan altuera desberdinetan kokatzen dira komeni den eran, apalategietan liburuak biltzeko apalak ipintzen diren moduan.

 

Oin banaketa sinple bat da abiapuntua, lau koadrantetan banatzen den karratua. Koadranteak altuera desberdinetan kokatzen dira eta bakoitzean erabilera zehatz bat garatzen da. Funtzioak, gunearen kokapenaren arabera erabakitzen dira, eta altzarien antolamenduaren bidez finkatzen dira soilik.

Komunetan izan ezik, ez dago piezen arteko itxiturarik, espazioen arteko mugak egokitzen dituzten markoak besterik ez. Gela bakoitza, kubo ireki bat da, altura zehatz batetik etxearen beste espazioekin modu desberdinetan erlazionatzen dena. Solairu kopuruaren kontzeptua ez da ageri, zaila da eguneroko hizkera etxe honen deskribapenean erabiltzea; tarteko solairuak, altura bikoitzak, solairu erdiak…

 

Kaleko solairuan hutsik ageri den koadranteak antolatzen du sarrera. Gainerakoetan  komuna eta lantegia kokatzen dira. Kasu honetako altzaria hurrengo altuerara heltzea posible egiten duen eskailera da. Puntu honetan jangela aurkitzen da, beste koadrante batean. Hemendik sukaldera jaitsi daiteke eta handik logelara. Logelatik egongelara igotzen da, baina egongelara jangelaren gunetik ere heldu daiteke, altuera handiago bat gaindituz.

 

Egongelaren espazioaren gainean teilatupea aurkitzen da azkenik. Plano honetan, lautik hiru hutsune irekitzen dira eta bertatik zintzilikatzen dira altuera desberdinetan kokaturik dauden guneak argitzen dituzten lanparak. Beste koadrantea hondoratu egiten da, egongelarekin erlazionatzen den eta mahai bezala lurzoru bera baliatzen duen estudio gune bat osatzeko. Hemendik ere estalkira iritsi daiteke.

 Altuera desberdinetan jarritako kubo txikien jarraipena da etxe barruko bolumena. Ezartzen diren maila desberdinen ondorioz gune irekien arteko erlazio modu bereziak sortarazten dira eta azken finean, beraien artean garatzen den espazio jarrai bakarra antzeman daiteke ere.

Gehiago ezagutzeko:Hiroyuki Shinozaki Architects

Este artículo en su versión en castellano fue publicado en TARTE el 7-11-2012

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s